Masa-komunikazioaren helburuak:
funtzio eta pragmatika sozialakJose Inazio Basterretxea Polo
Kazetaria eta EHUko irakaslea
Uztaro aldizkariaren 29. alean (1999ko udaberria) artikulu honen laburpena argitaratu zen.Informazio izenaz ezaguna dugun ezagutza-ereduaren saltzaile dira, egungo gizartean, hedabideak, mass-mediak. Informazioa, egun, saldu eta eros daitekeen produktua da, demandaren arabera funtzionatzen duena. Merkatu-produktu moduan, informazioa, merkatu-harremanen arabera ekoizten da: gehiago behar denean, gehiago; gutxiago behar denean, gutxiago; ikusita zertarako behar den, horretarako. Enpresa informatiboen, instituzio burokratikoen eta merkatu-eskarien menpekoa da, beraz, informazioa; publikatzen dena bai behintzat.
Enuntziatu informatiboen autoreek, normalean, beste batzuek hautatutako materialen artean egiten dute euren hautaketa, beste batzuek hautatutakotik abiatzen dira euren testu-produkzioan, besteek esana konpaktatzen dute. Konpaktatze-lan horietan, ideologia profesionalek, zeremonia-hazturek eta gertaerei erantsitako balioek zamatu egiten dute albistearen trasmisioa.
Informazioaren produkzio horretan (albisteak jasotze-, konpaktatze- eta publikatze-lan horretan), enuntziatu informatiboaren kreazio-lanean, albistearen autorea, komunikatzaile-profesionala, kazetaria bera oso gutxitan dago gertakizunekin, gertakariekaz harreman zuzenean; nahiz eta horiei buruzko testuak egiten dituen. Informazioaren produkzio-zeregin horietan, praktika periodistikoan, gutxitan gertatzen delako, zerbait apartekoa da lehen eskuko albisteak kontatzea; normalean, zerbitzu-enpresaren batek, agentziaren batek, garraiatzen du hedabideraino albistea; hedabideak, gero, kontsumo masiborako zabalduko du hori.
Publikoari aurkezten zaion informazioaren produkzio-zeregin horietan, kazetarien taldeak, taldeak berak, bere ideologia, propioa, berea, berezkoa txertatzen du gizarteari aurkeztutako ekoizpenean: albistean. Kazetari-taldearen berezko ideologiaz dihardugu ez bakarrik lan-esperientzia antzerakoen lekuko direlako kazetariak eurak, ezpada kazetari moduan aritzeko, ezaugarri pertsonal eta profesional oso antzerakoen artean egin ohi dutelako, modu masiboan, kazetarien kontratazio-hautaketa informazio-enpresetako nagusiek. Modu orokorrean hitzeginda, klase bateko partaidetza eta gizarte-harremanetan bere leku propioa dauzka kazetariak, kazetari-taldeak, eta hori albisteari berari igertzen zaio, albisteari berari dario.
Hedabide handietako elite profesionalak dira, duda barik, kazetari-taldearen ideologia ezartzen eta zuzpertzen dutenak. Inork karrera egin gura baldin badu, eliteak markatzen dituen irizpideetatik egin beharko du aurrera; eta, horien artean bere leku apartekoa irabazi. Errekonozimendu profesionala, eliteek eurek ezartzen duten sari-sistemako opari bat besterik ez da. Kazetari profesionalak, elitearen irizpidea onarturik, horren araberako munduaren eskematizazioa egiten du eta horren menpekoa da, estereotipo eta guzti, bere produkzio periodistikoa.
Kazetari-eliteari, oraina, inusuala, dramatikoa, sinplea, ekintza, pertsonalitatea eta emaitza atsegin zaizkio; iragana, egunerokoa, konplexua, ideia, egitura, kultura eta prozesu luzea korapilotsuago iruditzen zaizkio eta, sarritan, baztertu egiten ditu.
Albistearen fabrikazioak, albistearen ekoizpenak oso bide luzea korritzen du gertakari notiziosoa izan eta notizia eraiki bitartean; bide horretan, gertakariak profesioaren eta elite mediatikoaren harresiak gainditu behar ditu, banan-banan. Oztopo-bide horretan, gertakariak profesioaren eta elitearen zantzuak irabazten ditu, publikoarenganainoko lasterketa zoroan.
Funtzio soziala, masa-komunikazioan eta informazio publikatuan.
Funtzioaren ideia nagusia, iturria, hasierakina, metematiketan aurkitu dugu. Funtzioa, bere zentzu orijinarioan, aldagaien arteko harremana da. Funtzioa, hartara, interdependentzia da, erreprozitatea bilatzen duen zeregin bat; eginkizuna, hain zuzen ere1.
Merton (1948) eta Lazarsfeld (1948) autoreek aurreratu zutene2, hedabideek, euren zereginen artean, mass-medioetako protagonistei status soziala ematea dute. Gizarteak, bere statu quoari eusteko, pertsona eta instituzio erakargarriak behar ditu. Protagonisten sorkuntzan eta erakargarritasun-esleipenean, mezubideek leku prominentea dute. Ildo horretatik, hedabideek giza-statusaren araudiak proposatzen eta loditzen dituzte.
J. Lions3 autoreak lehenago eta M. A. K. Halliday4 ikerlariak pixkat beranduago, giza-komunikazioaren oinarria den lengoaiari buruz hitzegiterakoan, komunikazioaren zeregin, eginkizun edo funtzio ideatiboa deitutakoaz, edo kognitiboa izendatutakoaz, egiten dute berba: lengoaiak edukiak azaltzen ditu, bai eta munduaren ezagutza, nola indibiduala hala kolektiboa, permititzen eta ahalbidetzen ere. Autore horiei jarraituz, giza-komunikazioak eta hartara lengoaiak berak ere, badu beste eginkizun bat, eta bigarren hori lehena bezain garrantzitsua, lehena bezain berea da: interpertsonala edo soziala deitua. Hizkuntzaren beraren berezko eginkizuna da soziala, hizkuntzaren helburuen artean dago egon, lehena (kognitiboa) dagoen bezala eta hura bezainbeste. Harreman sozialak eraikitzea eta beroriei eustea, rol sozialak adieraztea edo statusa komunikatzea bada hizkuntzaren zeregina; baita komunikazio publikoarena ere esan beharko litzateke.
H. D. Lasswell5 ikerlariak behinola azaldu zuenez, hedabideek, mass-mediek, komunikazio publikoek, masetara heltzen diren informazio-igorpen erraldoiek badituzte, bigarren mailakotzat har daitezkeen beste batzuen artean, hurrengo funtzio hauek, hurrengo zeregin hauek, hurrengo lau helburu nagusi hauek:
Zainketa. Komunikazio publikoaren bitartez, hedabideak direla medio, komunitateak bere inguruaren berri du eduki eta horixe zaintzen du, egon daitezkeen mehatxuetatik: gerlak, uholdeak edo terroristak izan daitezke horietakoak. Hedabideak, komunikazio publikoak, mehatxu horiei aurre egiteko gizarteak berak dauzkan ahalbideez informatzen du. Zainketa soziala da hedabideen funtzioetariko bat, beraz.
Harremana. Gizarteko osagaien arteko erlazioa nola instituzioen arteko loturak, hala erakunde eta herritarren arteko katearen harremana, besteek beste, hedabideek eurek segurtatzen dute. Iritzi publikoak ahalbidetzen du, besteak beste, mekanika sozialaren funtzionamendua.
Transmisioa. Trukearena da autoreak hedabideei gaineratzen dien hirugarren zeregin nagusia. Kultura eta hezkuntzaren transmisioan, berebiziko zeregina dute mass-mediek: eurek aireratutakoa errazago geratzen da herriaren gogorapen kolektiboan. Kultura soziala, kulturaren sozializazioa da, beraz, hirugarren betekizun mediatikoa.
Entretenimendua. Jendea asetzeko, masaren aisia betetzeko, populazioa entretenitzeko aparteko papera jokatzen du komunikazio publikoak: gurutzegrametatik hasi eta telenobeletaraino. Hedabideek teilapeko entretenimendua bultzatzen dute, barrokoko hiriak instauratu zuen huraxe bera6.
Hedabideak egun, telebistak batez ere, errealitatea dira, ez horren ordezkoa; hedabideak egun, gizakiarentzat bizipena, bibentzia dira benetako munduko beste errealagoen antzera; eta, horiek legez, haiek ere, ikasketan zein portaeretan dute euren eragina7. Sarrionaindiak esan du modu biribilean: albistegietako errealitatea, mundu guztiak dakienez, errealitatea bera baino errealistagoa da8.
Komunikazio publikoaren funtzioen bilaketaren jardueran eta gizarte-ekintzaren aurrean, hedabideetako albisteen tematizazioak duen garrantziaz ohartarazi gura gaitu M. Fontcuberta9 kataluniarrak. Autore horrek argitzen digunez, gizartean, iritzi publikoa hedabideetako temarioa deitutakoari esker eraikitzen da. Hedabideen zereginen arteko bat, garrantzitsuena autore horren arabera, iritzia sortzea da; ez transmititzea iritzi hori, ezpada sortzea. Diskurtso informatiboa, teoria horren arabera, tematikoa da. Hedabideak publikoaren aurrean jartzen dituen kontsumorako gaiak, albisteak, tema desberdinen menpekoak dira, tema diferenteren zerbitzutan egon daitezke. Diskurtso mediatikoa, tematikoa da, esan gura baita: eskuartean darabiltzan berriak klasifikaturik darabiltza, genero periodistikoek antolatzen eta klasifikatzen dute informazioa eredu profesionalei jarraituta; komunikatzaile profesionalek identifikatzen dituzte tema batekin edo beste batekin euren belarrietara heldu ohi diren informazio-zantzuak. Fontcubertak aipatzen duen tematizazioak, klasifikazioak, albisteak makro-gaietan txertatze horrek, albisteen hierarkizazioa dakar. Hierarkizazio informatiboa aurkitzen dugu, teoria horri segituta, iritzi publikoaren eraiketaren oinarrian.
Ikus dezagun Fontcubertak esandakoa modu zehatzagoan: gertakari bera gai edo tema diferenteren kontestuan konta dezake berriketari profesionalak. Gaiak, temak, testuinguru informatiboak, makro-proposamen10 diskurtsiboek balio erantsia oparitzen diote gertakariari. Opari hori, balio erantsi hori da, hain justu, albisteen hierarkizazioa ahalbidetzen duena. Gertakari berak, beraz, irakurketa ideologiko diferenteak izan ditzake zein gai nagusitan, zein makro-proposamenetan sartu duten kontutan hartuta.
Ilustra dezagun gehiago ideia. Lehergailu batek eztanda egin du dugu balizko gertakaria. Terrorismoaren makro-proposamenean, nazio-askapen mugimenduaren jardunaren teman, edo gaizkiletza arruntaren gaian, irakurketa ideologiko diferentea du eztandak. Gertakaria gai batekin lotzea edo beste batekin kateatzea, kazetari profesionalaren egintza subjektiboa da, pertsonala, bere-berea. Eta gaia, per se, ez da ezer neutro. Gaiak, tematizazioak, makro-proposamenaren indarrak, zipriztindu egiten du albistea, baita horren iturria den gertakaria bera ere. Gaiak ematen digu, horretara, gertakaria ulertzeko eta baloratzeko ulertaraztailearen lehen zentzua11; tematizazioa, makro-proposamen hierarkizatzailea da, beste erreminta batzuen artean, mundua ulertzeko beharrezkoa dugun giltza interpretatibo funtsezkoaren lehen oinarria.
Masa-komunikazioa ulertzeko esparru kritiko honetan, hedabideen funtzioak arakatzen, McQuail12 autorea, eraberean, ilustratzaile agertzen zaigu. Autoreak, latz eta zorrotz, hedabideek, mass-mediek eginkizun bikoitz nabarmena dutela dio: mezubideek, dio McQuailek, ordenu soziala erreproduzitzeko balio dute; baita egungo botere-banaketa bermatzeko ere.
Ikus dezagun zehatzago hori. Hedabideek dio McQuailek, kupida barik, ordenu sozialaren balore dominanteak aireratzen dituzte. Hedabideek, ildo horretan, patriotismoaren goraipamena egiten dute, kontsentsu nazionalaren erroak sustraitzen dituzte, joera ez-instituzionalak arbuiatzen dituzte anti-sozialak bailiran erakutsita, eta euren indar semantizatzailea jartzen dute boterearen alde, horren zerbitzuan. Galdeketaren ostean hil zen ala torturen ondoren hil zen esatea ez baita gauza bera, ezta?
Mass-mediek, erraldoiek, boterearen errakuntzak barkatzen dituzte distrakzio informatiboa botereen alde jarrita. Behar denean, hedabideek kontestuaren distrakzioari ekiten diote, gobernuaren hutsak mozorrotu egiten dituzte: giza-sufrimendua hondamendi naturalaren oinordeko gisa aurkezten da, edo talde kontrolaezinen ekintzaren ondorio legez.
Mass-mediek, erraldoiek, albisteen iturria kalifikatzerakoan, maiz, boterearen atzaparrak mozorrotzen dituzte. Albisteen iturria kalifikatzerakoan, maiz, botereen filtrazio baino ez dena, hedabidearen ikerketa moduan erakusten da eta kazetari-profesionaltasunaren aldez aurreko ongi-ustea eskaintzen zaio ahots-goraz.
Mezubideek, zenbat eta handiagoak izan duda gutxiagorekin, bertsio ofizialak kazetari-bertsio legez plazaratzen dituzte. Narratzaile profesionalak, sarri, botereari luzatzen dio bere ahotsa; patroaiaren berba distraitu egiten da: kazetariak berak hartzen du bere ahoan gobernuarena dena.
Edozein modutan ere, gizartearen benetako eragile eta zuzpertzaile izatea, ez da edozein hedabideren esku dagoen dohaia13. Hedabide prestijiosoa, elitearen prentsa adibidez, horixe da benetan eragilea gizartean, bere esku dagoelako, hein garrantzitsu batean modu esklusiboan, kalitatezko informazioa.
Zelanbait, modu laburrean esateko, gaur egun hedabide erraldoiek munduaren kognizio publikoa eskaintzen dute, hedabide horiek dira giza-harreman masiboak telezuzentzen dituzten erakundeak. Hedabideek hartu dute eurengain gizartea zaintzearen ardura (letraz eta irudiz armaturiko ejerzitoa bailiran), eta gizartea bera ilustratzeko eta entretenitzeko betebeharra (teila-bako eskola bailiran). Hedabide erraldoiek ordena sozial ezarriaren aldeko apostu garbia egiten dute, bai eta egungo botere-banaketari eusteko konpromezua hartu ere.
Masa-komunikazioaren pragmatika soziala.
K. B. Jensen14 autoreak iragartzen digun moduan, komunikazioaren munduari buruzko azterketa semiotiko estrukturalista hutsetan, zeinuei eurei eskaini zaie batez ere atentzioa, gutxiagotan, ostera, gizarteri berari eta zeinuek gizartean bertan duten bizitzari, berebat zeinuek praktika sozialetan duten garrantziari. Beharrezkoa da zeinuei buruzko teoria bereizi bat zeinak azal bailitzake komunikazioaren benetako eusleen eginkizuna edo euren garrantzia eta inpaktoa entzulegoetan eta gizarteetan.
Semiotika estatubatuar primitiboan, klasikoenean gura baldin bada, pragmatika "zeinuen zientzia" orokorraren atal espezifikoa da: zeinuek eta interpreteek zeinu horien erabiltzaileek dituzten harremana analizatzen duena. Ikuspuntu pragmatiko klasikoaren testuinguru horrek, komunikazio-sistemen erabilpena (ahozko hizkuntza legez trafiko-seinale modernoagoak) ekintza sozial moduan ulertzera garamatza. Pragmatika, erabilpen komunikatibo komunitarioaren iker-erreminta moduan, beraz, zeinu komunikatiboen organizazioan bertan infiltratzen da eta zeinuen eta euren sortzaile-erabiltzaile-berritzaileekiko erlazioa ikusten ahalegintzen da15. Pragmatikak, beraz, erabiltzailearentzat erreskatatzen du zeinua.
Pragmatika masa-komunikazioan
Zeinuak, edo errepresentamenak, zerbait signifikatzen du norbaitentzat, zentzuren batean edo testuinguru jakin batean. Beraz, zeinuak pentsamendu orotan aurkitzen ditugu, eta, ez hori bakarrik, zeinuek pentsamenduak eurak baldintzatzen dituzte, zeren egitateetatik dauzkagun ideiak zeinuen bidez hartzen baititugu16.
Ulertaraztaileek interpretanteek baldintzatzen dituzte errealtasunaren pertzeptzioak oro. Zeinuak ez dira guk ezagutzen duguna, baizik eta ezaguntzat dugun hori ezagutzeko dugun bidea. Zeinua da mundu errealagaz dugun interrelazioa. Zeinuen bidez, egitatea errealitate eta errealitatea sozial bilakatzen da, eta pentsagai.
Gizakiak gizartea egituratzen duenean, beste pertsonei, eguneroko gertakizunei eta ezagunak diren egitura sozialei signifikazioa itsasten die, signifikazioaz zamatzen ditu. Testuinguru horretan, semiosia, semiosi soziala, gizartearen birkontestualizazioa da.
Komunikazioaren bitartez, interpretazioaren subjektuek semiosi sozialaren prozesu bat irekitzen dute eta zeinuen signifikazioa negoziatzen dute etengabe. Komunikazioaren bitartez, zeinuen birdefinizioa bermatzen da, subjektu birdefinitzaileek interakzioan dihardute etengabe.
Masa-komunikazioa, gaur egun, erreflexibitate teknologiko eta instituzionalizatu bat da17; masa-komunikazioak, jakina, signifikatuak sortzen ditu gizarte modernoetan, entzulegoen eguneroko bizitzetan txertatzen ditu signifikatuak.
Albistea, erabilpen bikoitzeko genero mediatikoa.
Hedabideek egituratzen dute bizimodua gizarte modernoetan. Goizean irratia entzutean, nazioarekin egiten dugu bat han eta hemen zer gertatu den jakitean; egunkaria irakurtzerakoan, gure aisian zer egingo dugun planeatzen dugu.
Hedabideetako albistea, kontsumo masiborako prestatu eta lau haizeetara hedatzen dena, alde batetik, inguruan gertatzen denaz informaturik egoteko narratiba gisa hartu daiteke. Albisteek, ikuspuntu horretatik begiratuta, munduaren errepresentazio-lana hartzen dute eurengan, albisteak errealitatearen ordezkatzaileak dira, egitateak eta gertaerak gogoratu gura lituzketenak.
Beste batetik, baina, interbentzio politikorako tresna izan daitezke albisteak. Albisteek, ikuspuntu horretatik begiraturik, kontzientzia politikoa piz lezakete, prozesu politikoak legezta litzakete, edo instituzioei zilegitasuna aitortu. Albisteen eragin sozialak kontestu historiko jakinak sortzen dituela esan da sarritan.
Albistearen narratibotasunak ez du bere tresnatasun politikoa kentzen, baina ikuspuntu pragmatikotik begiraturik, bigarrena da pertinenteena.
Albisteek, lehenago ere esan dugu, ingurua ordezkatzen dute, inguruaren berri ekartzen dute etxera. Baina, egia esan, herritarrak albisteak behar-beharrezko baditu kontsumitzaile eginkizuna bete ahal izateko da, enplegatu papera betetzeko eta, batez ere, botuemale rola betetzeko. Informazioak herritar egiten gaitu. Inguruan gertatzen denaz ezer ez dakiena basatitzat hartzen du gizarteak. Gizarteak generatzen duen jario informatibotik aparte gelditzen denak bere herritartasun-nortasuna galtzen du, gizartetik at jartzen baitu bere burua.
Albisteen kasuan, hedabideek hartzaileen identitate soziala dute jomuga. Albistegiak ikustea ez da norberaren identitate pertsonala arakatzeko modu abstraktu hutsa, ezpada inguruan suertatu diren espeziekideekin harremanetan jartzeko egintza bat. Gehienetan, nor bere arazoez arduratzen da, bizitzaren irakurketa ostrazistan; albisteek, ostera, gainerako jendeagaz batera, zerbait sentitzeko aukera ematen dute, jendearekin batera komunitatea eratzen ari garen sentsazioa, aukera ematen dute. Foro bat eratzen dute albisteek; horiei esker, jendeak badu zerbait amankomunean hitzegiteko. Albisteek identitate kolektiboak eratzen laguntzen dute, albisteek herritarra gizartean integratzen duten heinean.
Albisteak, albistegiak denborapasarako bide ere badira izan. Albisteak distrakzio modu bat ere badira: espektakulu bat dira, entzulegoa bere asperguretik, bere antsietatetik ateratzen duen espektakulua. Albisteak norberaren arazoak ahazteko bide izan daitezke. Albiste batzuk albiste-kategoria irabazi ez duten beste zenbait gertakari estaltzeko, iluntzeko, ezkutuan gordetzeko ere balio dezakete.
Komunikazioaren helburuak: plusbalia eta signifikazioa
Kontsumo masiborako produktuak ekoizten dituzten enpresarik gehienek funtzionatzen duten modu berberetsuan funtzionatzen dute gaur egungo masa-hedabideen enpresek: helburuak etekinetan jarrita. Tradizio marxistan, beti esan ohi da: kapitalismo industrialean, produktuen ekoizpenean, plusbalia deitzen dena sortzen da. Eta, gure artean, komunikazioan, sortzen al da plusbaliarik?
Ekoizpen-eredu kapitalistan, diote marxistek18, lan ez-ordaindua dela medio edo langilearen esplotazioa dela medio, kapitalistak beretzat sortzen duen gainetekina da plusbalia. Harago joanez, egoera hipotetiko batean murgildurik, nahiz eta kapitalistak bere balio osoan erosiko balio bere esku-lana langileari, produktua merkatuaren eskuetan utziko lukeen unean, produktu horrek, langaien kostuak eta ekoizpen kostuak likidatuta, kapitalistari emango liokeen errentagarritasuna, etekin hura ere bada plusbalia.
Beraz, plusbalia da klase agintarien eskuak urrez estaltzen dituen ekoizpen-eredu kapitalistaren ezaugarririk nabarmenena. Plusbalia da aberatsak aberatsago egiteko segeretua, ekoizpen-eredu kapitalistan. Eredu kapitalistaren ezaugarria da plusbalia eta plusbalia, ezaugarria izateaz gain, akumulatzen den zerbait ere bada.
Plusbalia, beraz, batera da zerbait kualitatibo eta kuantitatibo. Plusbalia, batetik soberakina da biltzen dena, pilatzen dena; bestetik ekoizpen-eredua definitzen du ekoizpen kapitalista eta gizartea bera karakterizatzen du kontsumo gizartea.
Zer da plusbalia komunikazioaren testuinguruan? Komunikazioaren testuinguru ekonomizistan, plusbaliak irakurketa merkantila du: komunikazio-enpresek etekin ekonomiko handiak sortzen dituzte. Baina, masa-komunikazioaren kontestuan, plusbaliaren ideak beste irakurketa bat ere izan dezake, semiologikoagoa, ideologikoa, pragmatikoagoa, interpretazioaren mundukoagoa. Goazen horra.
Plusbalia signifikatzailea19.
Masa-hedabideek sekulako lana burutzen dute gizartea osatzen duten pertsonak sisteman integratzeko, sozializatzeko. Sozializazio prozesu orotan, gizakiak ikasi egin behar ditu gizarte hori gidatzen duten eredu eta lege nagusien nondik norakoak: hizkuntzaren erabilpena, instituzioen garrantzia, harremanetarako kodeak, eginbehar sozialak eta abar luzea. Gizarte modernoetan, sozializazio prozesua inguru intimoan beste (etxean edo auzoan) inguru hurbilean (eskolan) edo zabalean (masa-kulturaren esparruan) burutzen da.
Guri dagokigun esparrua masa-komunikazioarena da. Ze plusbalia sortzen dute masa-hedabideek kontestu horretan? da gure galdera. Kontestu horretan, funtzio kontrolatzailea burutzen dute hedabideek batez ere.
Hedabideena, plusbalia kontrolatzailea dugu: hedabideek nola soberakin errepresiboa hala soberakin signifikatzailea sortzen dituzte; kontrola signifikazioa eta errepresioa da.
Soberakin errepresiboak eredu sozialak ezartzen ditu giza-gustoen mailan, instituzioen baliagarritasunean, familiaren monogamiatasunean, lanaren banakera hierarkikoan, bizitza pribatuaren ildo nagusietan... Kontestu sozial eta une historiko bakoitzari lotutako kontzientzia sozial berezia da soberakin errepresiboa. Gizarte batek une historiko bakoitzean eta beharrizan sozial bakoitzean, kontzientzia-eredu zehatza sortzen du; eredu hori, ezin bestelakoa izan, errepresiboa da: disidentzia arbuiatzen, pertsegitzen da-eta.
Baina, eta horretaz gain, errealitate jakinetan eta ekoizpen-eredu materialetan oinarritutako errealitate sozial berezia erakitzen dute hedabideek gure artean, hedabideen soberakin signifikatzailea dugu hori. Hedabideek inguruko gertakari batzuk aukeratzen dituzte albiste izateko, hedabideek eredu sozial batzuen apologia egiten dute, hedabideek mundu bat erakusten dute. Hedabideek erakusten duten mundu horrek mundua birdefinitzen du, birsemantizatzen du, munduari signifikazio jakin bat eransten dio. Hedabideek erakusten duten mundu horretan makrogaiek eta testuartekotasunek durundintasun semantikoak sortzen dituzte gure artean. Hedabideek, euren jardueran, soberakin signifikatzaileak direla medio, hein handi batean, imaginazio soziala kontrolatzen dute eta, bide batez, ekintza soziala eta aldaketa soziala bera ere.
Hedabideek, euren jardunean, erakusten eta erakusten ez dutenaren arabera, zentzu komuna sortzen dute, une historiko bakoitzean eta gizarte-eredu bakoitzean. Aldian-aldiko eta lekuan-lekuko zentzu komun hori da plusbalia signifikatzailea.
Zentzu komun horrek, plusbalia signifikatzaileak unean-uneko hegemonia indartzen du. Hegemoniaz jardutean, elite politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak dauzkagu gogoan; hegemoniaz jardutean, elite horien gaieraginaz dihardugu. Hegemoniaren ideiak kolore-bakartasuna, irizpide-bakartasuna, zentzu-bakartasuna eta etorkizun-bakartasuna pizten du gure begien aurrean. Hegemonia da disidentzia azpiratzen duen olagarro kupidagabea. Eliteak desberdinen begiaurrean jartzen duen borreroa da hegemonia.
Masa-komunikazioa birpentsatu
Hedabideak presiopean bizi dira, entzuleriaren, eliteen eta aztura profesionalen presiopean. Audientzia-ikerketek zerbait argitzen baldin dute hurrengo hauxe da, alegia: hedabideak erreforzamendu-, indartze-erakunde garrantzitsuak direla, izan. Gaurko gizakiak non-edo-non aurkitu behar du euskarri soziala; eta hori, kasu askotan, hedabideetan kausitzen du. Gaurko gizakiak errakuntzari berari baino beldur handiago dio bakarrik gelditzeari, isolaturik gelditzeari, Noele-Neuman ikerlariak inoiz argitu digunez20. Problema sozial horren aurkako antidoto eraginkor ederra dira hedabideak eurak: zertaz pentsatua baino, zelan pentsatua eskaintzen dutelako, hain zuzen ere.
Hedabideen edukina ber-ulertu beharra dago. Hedabideen eta gizartearen arteko harremana birpentsatu beharra dago. Horixe da, beste batzuen artean, James Curran21 irakaslearen eskaera metodologikoa.
Curranen ustez, badira zenbait arrazoi hedabideek boteretsuen alde jokatzen duten rol sozial hori hobeto ulertzeko, interpretatzeko. Arrazoi horiek azaltzen dute hedabideen burujabetasunaren galera status quo delakoaren alde. Curranek hamarren bat arrazoi aurrikusi ditu hedabideak hegemonia ezartzen duten talde boteretsuen alde lerrokatzeko, hauexeek:
Merkatura sartzeko zailtasuna
Esan gura baita: komunikazio-merkatuetara sartzea garestia da oso, komunikazio-enpresa berriak sortzea garestia da oso, eta hori muga ekonomikoa izateaz gain muga ideologiko garrantzitsua da. Gaur dirurik ez duena nekez borrokatuko da ideien merkatuan (GARA datorkit burura, mila milioiak).Jabego korporatiboaren indarra
Alegia: hedabide pribatu txikiak enpresa-korporazio handien eskuetara igaro dira. Konzentrazio horrek oso irizpide enpresarial zehatzak ezarri ditu komunikazioaren munduan, eta horrek ere badu bere eragina produktuetan, edukietan (El Correo eta bere taldea dut gogoan, orain, kasureko).Hedabideen konzentrazioaren indarra
Konzentrazio ekonomikoak berak ere pentsamendu-konzentrazioa ekarri du, ekarri dakar. Jabe gutxigaz eta boteretsugaz lanegiteak monopentsamendua dakar (ezin dut burutik kendu, adibidez, CNN guztiz boteretsua eta horren eragina mundu oso-osoan).Merkatuaren presioa
Produktu komunikazionala garestia da. Lan-sistema korapilotsuen ondoren argitaratzen denak kostu handia du eduki. Enpresek badakite entzuleria handiak errendimendu handiagoa eskaintzen duela eta, hedabideek gurago izaten dituzte entzuleak asetuko dituzten produktuak aireratzea, bestelakoak baino (horra-hor telenobelak, esatebaterako).Kontsumidore aberatsaren presioa
Dirua duenak kontsumitzen du, batez ere, produktu mass-mediatikoa. Dirua duenak inbertitzen du publizitatean. Aberatsaren gustoa du bete-beharrekoa batez ere hedabideak, baldin eta haren lagun izateak dakartzan abantaila sozialei eutsi gura baldin badie.Publizitatearen zentsura
Hedabiderik gehienak publiztate pribatuari eta publikoari esker bizi dira. Iragarki-etxeak haserretuko ez dituzten produktuak ekoizteak badu bere garrantzia, eta handia da hedabidearen biziraupena bermatzeko (Zer esan Egunkaria eta Egin egunkariei egindako boikotez?).Errutina periodistikoak
Aztura profesionalek, joera nagusi moduan, errazago egiten dute ahulen eta desorganizatuen aurka, beste inoren kontra baino (Komunikazio-bulegoak eta euren indarra ditut begien aurrean).Hitzarmen estetikoak
Produktu mass-mediatikoa indibiduoarentzat dago pentsatuta. Batez ere indibiduoa da, bere bakardadean, produktu mediatikoa kontsumintzen duena. Mundua ikuspuntu indibidualistetatik behatzeko apostua egin dute aspaldi hedabideek, eta bazterrean utzi dute gizartean aldaketa egituralak lortzeko ulerpide kolektiboago eta politikoagoak argitaratzea.Botere eta ahalbideen banaketa
Eliteek, nola elite politikoek eta ekonomikoek hala elite kulturalek eta pentsamendukoek erabat egituraturik dute euren diskurtsoa, berebat diskurtso hori publiko egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eurak ere. Oinarri sendoagoa edukitzeak ematen duen lasaitasunetik, eliteek presentzia errazagoa eta seguruagoa dute hedabideetan beste inork baino.Estatuaren boterea
Elite tradizionalek berez dute Estatu-egituretara hurbiltzeko erraz-bidea. Estatuak ematen dien zilegitasunaz baliatuta, elite tradizionalak erraz ahalegindu daitezke hedabideen kontrolgintzan, eta halaxe egiten dute, egin.
Azken berbak
Armand Mattelart22 irakaslea ekarri gurako nuke gure artera. Mattelartek dio: "Globalizazioa fakto bat da, baina, eta horretaz gain, globalizazioa ideologia bat ere bada". Eta gu fakto eta ideologia horren inguruan mugitzen ari gara, nahi eta ez. Fakto eta ideologia horiek biak dira hegemonia, pentsamendu bakarraren eraikitze-lanetan bultzaka-bultzaka datozen osagaiak. Fakto eta ideologia horiek indartzen eta loditzen dituzte nola soberakin errepresiboa hala signifikatzailea, medioetan.
Utzidazue Ignacio Ramonet23 kazetariaren esaldi batzu gogoratzen. Arira datoz, oso. Ramonet-ek honelaxe dio:
"Harrapaturik. Egungo demokrazietan, gero eta gehiago dira atrapaturik sentitzen diren herritarrak. Doktrina itsasgarri baten antzerako batek buztitzen du oro, urez estaltzen du oro. Kupida barik, Doktrina itsaskor horrek pentsamendu errebeldea zelatatzen du, perturbatzen du, geldiarazten du, ito egiten du, azken finean. Doktrina itsasgarri hori pentsamendu bakarra da. Pentsamendu bakarra iritzi-polizia ikustezina eta omnipresentea da." (Ezin dut Egin afera burutik kendu, ezta orain ere).
Antonio Gramsci24 pentsalari eta politikariak hedabideak parekatu egin ditu alderdi politikoekin. Alderdi politiko modernoa, Gramsciren pentsamenduan, garai batean Makiaveloren Printzearen ideiarekin parekatu beharko litzateke: alegia, aro modernoan Printzea ez da heroi nazional bat, baizik eta alderdi politiko bat, Estatua bere beharren arabera antolatu gurako lukeena, jakina.
Zenbait kasutan, alderdi politikoaren funtzioa, edo printzearena, nahi den moduan, hedabideek eurek hartzen dute. Esan gura baita: hedabideek eurek hartzen dute Estatua kohexionatzearen ardura; Estatua behar jakin batzuetara biltzearen argumentazio-ekintza nagusia, hartara, ez dago jada heroi nazionalaren eskuetan (printzearengan) edo alderdi politikoetan (ez bakarrik behintzat): besteak beste, komunikazioaren profesionalengan baino.
Testuinguru horretan, funtzio kohexionatzailea egunkari batean (edo egunkari-talde batean), aldizkariren batean aurkitu genezake; zer esanik ez irratian, telebistan edo zineman bertan ere. Eta oraingo teknologiak kontutan hartzen baditugu, zer pentsatu beharko genuke Interneteko zerbitzariei buruz, kasureko? Komunitate bakoitzak bere zerbitzariak jartzen ditu abian, bere bezeroak, bere herritarrak, horren bidez kanaliza dezaten euren egarri zibernetikoa: gaztelania-hiztunek olé! fundatu dute, euskaldunek jalgi.
Kohexioaren ildo nagusiaren barruan, egungo gizartean, inoiz baino hedatuago dago konformismorako joera; pentsatzeko moduak eta ekintzetan eskuhartzeko ereduak, inoiz baino estandarizatuago daude; estandarizazioak, egun, dimentsio nazionala hartzen du eta, kasu askotan eta askotan, mundiala.
Galde diezaiogun geure buruari hurrengoa: hau guztia, ez al da horrela izango eliteek, hegemoniak, hedabideek lau haizeetara zabaltzen dituzten estereotipoekin eta arketipoekin, errazago kontrolatzen dituztelako masak? Bizitza kolektiboa, egun, erreferente berri batzuen inguruan ari da antolatzen: lanaren inguruan, kontsumoaren inguruan, hauteskunde-prozesuen inguruan... Lanean, kontsumoan, hauteskundeetan beharrezkoa da ordena, disziplina, konformismoa... Eta hona galdera, zelan horiek guztiak ulertu eta praktikan jarri hedabide barik?
Autozentsura sozialean, zentzu amankomunean, konpetentzia politikoan, hedabideek alderdi politikoen lekua hartu dute; printzearen tokia bereganatu dute, heroiaren rola eurenganatu dute hedabideek eurek.
Oharrak:
Abril, G., (1997): Teoría general de la información, Cátedra, Madril.
in Moragas, M., (1981): Teorías de la comunicación, Gustavo Gili, Bartzelona.
Lyons, J., (1977): "Il linguaggio umano" in Hinde, R. A., (1977): La natura della comunicazione, Laterza, Roma.
Halliday, M. A. K., (1982): El lenguaje como semiótica social, Fondo de Cultura Económica, Mexiko.
Lasswell, H .D., (1984-1985): "Estructura y función de la comunicación en la sociedad" in Moragas, M. (ed), (1985): Sociología de la comunicación de masas, Gustavo Gili, Bartzelona.
Ortega, F., (1994): "Los orígenes de la cultura de masas", in Fundesco (1994): Telos-39, Fundesco, Madril.
Comstock et al., (1978): Television and Human Behaviour, Columbia UP, New York.
Sarrionaindia, J., (1997): Hitzen ondoeza, Txalaparta, Tafalla.
Fontcuberta, M., (1993): La noticia, pistas para percibir el mundo, Paidós, Bartzelona
van Dijk, Teum A., (1990): La noticia como discurso, Paidós, Bartzelona.
Basterretxea, J. I., (1998): "Ulertaraztaile kolektiboa: interpretazio-eredu mass-mediatikoa" in Uztaro-24, Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo.
McQuail, D., (1985): Introducción a la teoría de la comunicación de masas, Paidós, Bartzelona.
Padioleau, J., (1985): Le Monde et le Washingtong Post, PUF, Paris.
Jensen, K. B., (1997): La semiótica social de la comunicación de masas, Bosch, Bartzelona.
Bertuccelli, M., (1996): Qué es la pragmática, Paidós, Bartzelona.
Peirce, C. S., (1974): La ciencia de la semiótica, Nueva Visión, Buenos Aires.
Roty, R., (1991): Objectivity, Relativism, and Truth, Cambridge UP, Cambridge.
Marx, C., (1977): Salario, precio y ganancia, Ricardo Aguilera, Madril.
Jensen, K. B., (1997): La semiótica social de la comunicación de masas, Bosch, Bartzelona.
Noelle-Neuman, N., (1995): La espiral del silencio, Paidós, Bartzelona.
Curran, J., (1998): "Repensar la comunicación de masas" in Curran et al., (1998): Estudios culturales y comunicación, Paidós, Bartzelona.
Mattelart, A., (1998): La mundialización de la comunicación, Paidós, Bartzelona.
Ramonet, Ig., (1996): "El pensamiento único" in Le Monde Diplomatique Edición Española, 96ko maiatza.
- Gramsci, A., (1985): La política y el estado moderno, Planeta-Agostini, Bartzelona.