Artikuluak (Artikuluak)

Irlandako gatazka eta komunikabideak

Txente Rekondo
Ezpalaren 10.alean argitaratua, 1999

1969 urteaz geroztik, Ipar Irlanda gatazka egoera berria jasaten ari da. Harrezkero, mundu osoko komunikabide askoren arreta Irlandako alde horretan jarrita egon da. Urte hauetan guztietan, gatazka honekin zerikusirik duten berriek egunkarietako lehen orriak bete dituzte sarritan, baita irrati eta telebista-programa askotan hasierako albiste izan ere. Bistan dago berri hauek, ia erabat, bertan pairatzen ari diren gatazka armatuarekin loturik daudela. Azalpen honetan zehar, komunikabideek gatazkaren bilakaeran izan duten papera ikusiko dugu, baita bertan izan duten eragina ere.

 

Gatazka eta informazioaren ezaugarriak

Ipar Irlandan Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduaren protestaldiak sortu zirenean, britainiar komunikabide gehienek mugimendu hau begi onez ikusi zuten.

Armada britainiarra gatazkaren erdian agertzean, informazio bideek bat-bateko aldaketa izan zuten. Hortik aurrera, armada, Ipar Irlandako berriak ematen zituzten kazetarientzat informazio iturri nagusia bilakatu zen.

Behin-behineko IRAren agerpenak eta 1971an "barneratzearen" ezarpenak, ejertzito britainiarra desinformazio bidea hautatzera bultzatuko dute, IRAren kontrako funtsezko arma gisa. Horretarako, une horretatik aurrera, prentsa britainiar jakinetako zerbitzuen jabe izaten saiatuko da.

Taktika berri honen garapenean oinarrizko beste alderdi bat Ipar Irlandarako Bulegoaren (NIO) sorrera izan zen. Honen bitartez, informazio-politika berria indartzera zuzenduak egongo diren berriak zabalduko dira. "Informazio eta propagandaren gatazka" deitutakoa hasi zen, gatazkaren oso fase garrantzitsu gisa.

Propaganda ofiziala sendotzeko, NIOa zenbait topikoz baliatuko da. IRA, "demokrazia suntsitu nahi duen eta Mendebaldeko segurtasuna arriskuan jarriko lukeen irlandar estatu marxista baten ezarpena bilatzen duen" taldea bezala aurkeztuko du (Jim Prior, Ipar Irlandarako Estatu Idazkaria 1981-84 urteetan).

Azpimarratu nahi duen beste alderdi bat "nazioarteko azpijoko terrorista"rena da, Europako eta Ekialde Ertaineko talde armatuen artean ustezko harremanak nabarmentzen saiatuz. Honen bidez, Estatu Batuetako irlandar komunitatearengan IRAren aldeko iritzia aldatzen ahaleginduko da batez ere.

Kazetarien artean ere bertakoak, britainiarrak eta gainerakoak bereiziko ditu. Azkenik, Estatu Batuetan zenbait ekintza burutuko dituzte, ahal den neurrian bertako irlandar nazionalisten propagandari aurre egiteko.

 

Zentsura politikoa

70. hamarkadaren erdialdetik aurrera Irlandar Errepublikan zentsura zuzena ezarriko da komunikabideetan, Ipar Irlandako gatazkarekin erlazio zuzena duten gaiei dagokienean.

Britainia Handian 1988tik aurrera ezarriko da zentsura zuzena, ordezkari politikoei eta zenbait erakundetako paramilitarrei elkarrizketak egitea debekatuz.

Honela, 1988ko urrian, Estatu Idazkariak BBC eta IBAri zuzendu zitzaien, "(a) gero aipatuko dugun edozein erakunderen jarraitzaile edota ordezkariren inguruko edozein hitz edo programa emititzea debekatuz, (b) baita erakunde hauek babestera eta beren alde agertzera zuzendua zegoen edozein hitz debekatuz ere".

Debekuak 8 erakundeen gainean ezarri zen, horietako 5 larrialdi-legeak debekatuak:

  • Irlandar Armada Errepublikarra (IRA).

  • Askatasun Nazionalerako Irlandar Armada (INLA).

  • Ulster-eko Boluntarioen Indarra (UVF).

  • Ulster-eko Askatasunaren aldeko Borrokalariak (UFF).

  • Esku Gorriaren Komandoak (RHC).

eta beste hiru erakunde legalak ziren:

  • Sinn Féin.

  • Sinn Féin Errepublikarra.

  • Ulster-en Defentsarako Elkartea (UDA).

Gaur egun, debekuak desagertu dira bai Britainia Handian eta bai Irlandako Errepublikan ere. 1993ko uztailean Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen argitalpenaren ondoren, non 31 Atalak Eskubide Politiko eta Zibilei buruzko Nazioarteko Hitzarmenaren 19. Artikulua hausten zuela baieztatzen zen, 1994ko urtarrilean agindua baliogabetua izan zen. RTEak Sinn Féin-en agerpenak artikulatzeko erreferentzia sistema bat ezarri zuen berehala. 31 Atalarekin amaitzeko erabakia "bake prozesua"ren hasieraren barruan kokatu behar dugu, beranduago honek Britainia Handian antzeko neurriak bultzatuz.

1994ko irailaren 16an, IRAren su-etena baino bi aste beranduago, John Majorrek debekua amaitu zela iragarri zuen Belfasten.

"Uste dut murrizketek ez dutela jadanik balio hasiera batean finkatutako helburua lortzeko... Garrantzitsuena da, egungo egoera eta 1988an murrizketak indarrean jarri zireneko egoera guztiz ezberdinak direla".

 

Bake prozesua eta komunikabideak

1994ko abuztuaren 31an, IRAk iharduera militarraren alde bateko "erabateko etenaldia" iragarri zuen. Hume-Adams prozesuaren larrialdiaz eta gobernu eta mugimendu errepublikarraren arteko ezusteko harremanez geroztik, komunikabideetako informazioa fase berri batean sartu da. Britainiar kazetarien sinesmen zahar asko baztertuak izan ziren, Ipar Irlandan gobernu britainiarrak bere politika nabarmenki aldatu baitzuen. Oraindik gogora dezakegu "ez dugu inoiz terroristekin hitz egingo" esaldia. Gaur egun adierazpen hauek guztiz baztertutak daude. Komunikabide asko aldaketa hauek ez ikusten saiatu ziren arren, informazio-estaldura guztiz aldatu zen. Ipar Irlanda, berriro ere, istorio atsegina bilakatu zen albiste mailan.

Gobernuaren estrategian emandako funtsezko aldaketa bat, gatazka ez aipatzeko saiakeratik iharduera diplomatiko handi baten aurkezpenera emandako urratsean eta komunikabideak bake prozesuaren parte izateko saiakeran antzeman daiteke, komunikabideen diplomazia antzeko batean. Hau posible izan da bakarrik benetako negoziazioa ematen ari delako eta partaideak, Dublingo gobernua, Sinn Féin eta SDLP, bereziki, komunikabideen helburu izan den publikoaren parte izan direlako.

Gobernuaren politika "terroristekin" burutu litezkeen elkarrizketen ukapena izan da. Hala ere, baieztapen hori egin eta urte betera Sinn Féin-ekin harremanetan hasi zirela eta harreman hauek 1993ko azaroa arte iraun zutela jakin dugu. Gobernuaren pentsakeran emandako aldaketa honen garrantzia "britainiar funtsezko iturri" batek azpimarratu du, honek egoeraz egindako azterketa, Douglas Hurd-ek egindakoaren oso ezberdina izanik. Aldaketa handia ematen da beraz gatazkaren azterketa ofizialaren baitan. Bestalde, azken 25 urteetan komunikabideek emandako informazioa serioski sesgatua egon denaren ideia zabaltzen du. Honela dio iturriak:

"Behin-behineko IRAk ideologia eta teologia bat du. Berak haien ideologiak "dimentsio etiko" bat bazuela adierazi zuen, bere kideek ez zutela hiltzen jarraituko besterik gabe hiltzea atsegin zutelako. Behin-behinekoek ez zutela helbururik gabe hiltzen esanez jarraitu zuen, eta helburu hori aldatzen bazen, ez legokela arrazoirik hiltzeari ez uzteko".

 

Sinn Féin-ekin hizketan

Autokontzientzia falta nabaria izan zen ere telebistak Sinn Féin-ekin izandako elkarrizketen berri eman zuenean. Zurrumurruak Inteligentzia Zerbitzutik politikari unionistengana iritsi ziren. Azaroaren 1ean, John Major-ek "Sinn Féin-ekin hitz egiteak barrenak nahasiko zizkiola" esan zuen parlamentuan. Azaroaren 7an Downing Street-eko Prentsa Bulegoak "helburu politikoei jarraituz bortizkeria erabiltzen dutenekin ez dugula hitz egiten askotan argi utzi dugula" adierazi zuen. Azaroaren 11n Ipar Irlandako Bulegoak "ez da bilerarik izan" baieztatu zuen. NIOko Informazio Zuzendariak, Andy Wood-ek, txosten horiek "bizitza errealari baino, zelatari hiltzaileen fantasiari zegozkiola" esan zuen. Baina Ipar Irlandan egia fikzioa baino bitxiagoa da, eta azaroaren 15ean Sinn Féin-ek hau dena egiaztatu zuen, gobernuak ukatzen jarraitzen bazuen ere. Zaila da exageratzea mugimendu errepublikarrarekin izandako harremanei buruzko iragarpenen esanahia.

Kazetariek Sinn Féin-ek entregatutako dokumentuak britainiar bertsioarekin gonbaratu zituztenean, argi gelditu zen "alde bietako batek funtsezko atalak aldatu zituela". Eztabaidaren gakoa hasierako mezuari gehitutako "gatazka bukatu da" esaldia izan zen. Sinn Féin-ek ukatu egin zuen, "faltsu"tzat deskribatuz. Martxoaren 19ko bederatzi paragrafoetako britainiar funtsezko dokumentuak hau azpimarratzen zuen. Gobernuaren bertsioak zera zioen:

"Etapa honetan bilatzen ari dena aholkua dela nabaritzen dugu... Bortizkeria amaitu izan balitz, honako hau iragarria izan ala ez, elkarrizketak burutuko liratekeela egiaztatzen dugu" (Ipar Irlandako Bulegoa, 1993).

Hau, harremanak Sinn Féin-ek hasi zituela zioen gobernuaren baieztapenarekin bat zetorren. Hala ere, bertsio errepublikarrak honela zioen modu neutralago batean:

"Etapa honetan bilatzen ari dena aholkua da... Bortizkeria bukatu izan balitz, eta hau iragarria izan ala ez, elkarrizketetan progresiboki hasteko aukerarik egon zitekeen" (Sinn Féin, 1994).

Bertsio honetan britainiarrek aholkua eskatzeko aukera izan zuten. Baina bi bertsioen arteko kontraesana, Independent-eko David McKittrick-ek "elkarrizketetan progresiboki sartzea" esaldia azpimarratu zuenean argitu zen. Esaldi hau, mezu errepublikar baten britainiar bertsio batean agertu zen berriz ere, esaldia argitzea eskatzen zelarik. Esaldia beste inon agertzen ez zenez, nola azal zezakeen gobernuak?

NIOa zuzenketak egitera behartua egon zen. "Berandu egin zuten, asteazken gauean, News at Ten-erako edota egunkarien lehen argitalpenetarako beranduegi, abenduaren 1ean". Desadostasun hauek "akats tipografiko"tzat hartu ziren, eta britainiar jarreraren berri ematen zuen bederatzi paragrafoetako funtsezko dokumentuaren kasuan aldiz, akatsa hankasartzez azken zirriborroaz egindako transkribapenaren ondorioa izan zen.

Bederatzi paragrafoetako britainiar oharra, behin zuzenduta, Sinn Féin-en dokumentuari buruzko bertsioaren berdina zen.

Egunkari kontserbatzaileek ere, Sunday Telegraph-ek, besteak beste, nahiz eta gogoz kontra izan, "agian prozesuaren ondoriorik bitxiena IRAk gobernuak baino sinesgarritasun handiagoa izatera igaro dela" adierazi zuten ("Azalpena: arduragabeko elkarrizketak", Sunday Telegraph, 1993ko abenduak 5). Aldiz, telebistako berriak ez ziren gai izan gobernua gezurretan ibili zela adierazteko, eta gertakizunen bertsio ofiziala azaltzera mugatu ziren.

Soilik Sinn Féin-ek harremanen berri dokumentatua zuela adierazi zuenean aitortu zuen gobernuak, baita bere burua justifikatu ere, bakea babestearren jokatu zuela horrela eta aukera galtzea barkaezina izango litzatekeela. Komunikabideek paper garrantzitsua bete zuten ahalegin horretan.

Britainiarrentzat, arazoa, gogor erasotu duten alderdi batekin elkarrizketetan ari dela azaltzea da. Dokumentuetan argi azaltzen da gobernuak Sinn Féin-ekin elkarrizketak ematearen aldeko giroa sortu nahi zuela komunikabideetan, gobernua bera izango zelarik elkarrizketa horietan.

Soilik 12 egun beranduago, The Guardian-ek Sinn Féin-eko Martin McGuinness-ekin izandako orrialde osoko elkarrizketa argitaratu zuen, "Orain da hitz egiteko garaia" izenburupean. McGuinness-ek zera zioen: "Gobernu britainiarra Hegoafrika eta Israel-go kasuetatik ikasteko prest egongo balitz, sei edo hamabi hilabeteetan irtenbideren bat ikuskatzeko aukerarik izango genuke".

 

Eta orain zer?

Ipar Irlandako Bulego eta gobernuak, beren estrategiaren arrakastan komunikabideak elementu oso garrantzitsutzat jotzen dituzte, horretan datzate hauen estaldura gestionatzeko ahalegin handiak. Errepublikarrek ere komunikabideak funtsezkotzat hartzen dituzte. Alde batetik, britainiar desinformazioaz eta manipulazioaz kezkatuta daude eta, bestetik, komunikabideen bidez gobernuarengan eragin dezaketen presioaren jabe dira. Britainiarrek, errepublikarrek eta Gobernu Irlandarrak komunikabideak erabili dituzte hedabideen arteko diplomazia konpromezuan jartzeko, iradokipenak edo argibideak eginez edota mehatxatuz.

Irlandako bake prozesuaren larritasunak kazetariak ezustean harrapatu ditu. 25 urtetan zehar Ipar Irlanda paradigma antiterroristaren ikuspegitik tratatu izan da. "Terrorismoa" zen gatazkaren zergatia. Arrazoi politikoa bazterturik, bakea lortzeko bide bakarra IRA gainditzea eta herria batuta bizi dadin konbentzitzea zen. Orain badirudi ikuspegi ofiziala aldatu dela. Sinn Féin zilegizko hautespen-agintaritza duen alderdi gisa ikusten da dagoeneko, negoziazio-mahaian ere leku bat izanik. Paradigma erabateko krisian dago, baina telebistak nabaritu ez duela dirudi.

Arazorik nagusiena perspektiba falta izan da. Gobernuak emandako azken informazioak morroien gisa errepikatzeak, informazio hauen funtzioari buruzko argitasun handirik gabe, gertakariei jira berezia ematea suposa dezake, eta hori aurrera eramaten zaila izan daiteke, gobernua komunikabideak eta jendea, oro har, engainatzen harrapatu ostean. Nahiz gobernuak propaganda politiko eta albisteen gestioaren bidez bake prozesuan aurrera egiteko benetako ahalegina egiteko konpromezua hartu, nahiz bere duplizitatea estaltzeko informazio eta propagandaren gestioa eramateko konpromezua hartu, gobernu propagandaren diskurtso literala eta hausnarketarik gabekoa ematea, zuzenki gobernuaren pentsaera adieraziz ("gobernuak uste du" eta tankerako esaldien bidez), ez da batere egokia albisteak objetibotasunez ematera behartuta omen dauden kazetarientzat. Komunikabide britainiarren papera gobernua beren jokaeran babestea izan da, baita "terroristekin" izandako negoziazioekiko gobernuak izandako erabateko jokabide aldaketen aurrean ere.

 

Hona hemen kazetari ezagun batek idatzitakoa:

"Komunikabideek ozenki adierazten badute ere IRArekin konpromezurik egon behar ez duela, egunkari asko onartzeko prest daude negoziazioei buruzko gobernuaren jokabidea eta Downing Street-eko Deklarazioa. Komunikabideek muga lehengo berean mantendu nahian dabiltza, aldi berean esku-jokoen bidez gradualki aldatzea ahalbidetuz. Kazetariak gezurrak bereganatzeko prest daude, gobernuaren aurka egiten badute ere Irak-i egindako arma salmentari eta bestelako gai batzuei dagokienean".

Bake prozesuak aurrerago egiten badu, gobernuaren jarrerak berriz ere aldatuko dira eta komunikabideek muga menditik behera jarri beharko dute. Egunen batean, agian, iritzi britainiarra, kazetaritza eta kultura politikoa goitik behera alda litezke. 1920 urte hasierako kasu irlandarrak honi buruzko aurrekaria izan badugu, baita Hego Afrika eta Palestinari dagokienean ere. Times-en Ipar Irlandako Berriemaile zaharrak, orain Independent Robert Fisk kazetaren Ekialde Ertaineko berriemailea denak, OLP eta gobernu israeldarraren artean izandako akordioan antzeko prozesua adierazi zuen:

"Beraz, orain "Arafat Presidentea" da. Era berean, Kenyatta "Lider terrorista", "Presidente Jauna" izatera pasa zen. Edota Menachem Begin "terrorista" eta Yitzhak Shamir "Lehen Ministro jauna" bihurtu ziren. "Terroristaren buru programatzaile" izatetik "Estatu Gizon" izatera pasa zen Yitzhak Rabin, bere izena paper zati batean idaztera suertatuz. Zeinen azkar berprogramatzen gaituzten". (Independent, 1993ko irailaren 12a).