BAIETZ Fundazioa

Babesa Euskal Herriaren bihotzetik

Hemeroteka / Euskaldunon Egunkaria
Data: 2010 Urt, 24 - 03:58 AM
Egunkaria-ko auzipetuek euskal gizarteko ordezkaritza zabalaren sostengua jaso dute gaur goizean Arantzazun egin den ekitaldian. Han izan dira, besteak beste, EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Ezker Batua, Hamaika Bat, Alternatiba eta AB alderdietako buruagi nagusiak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuetakoak. Halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek ere bat egin dute ekitaldiarekin. Haiekin batera, gizarte arloan, kulturan eta kirolean sona handikoak diren hainbat lagunek parte hartu dute. Absoluzioa eskatu dute guztiek.

- ‘Egunkaria’-ko Babes Taldearen Arantzazuko adierazpena

- Auzipetuen Arantzazuko adierazpena

Euskal kulturaren eta nortasunaren muin eta bihotza delakoan Arantzazu (Oņati, Gipuzkoa) akeratu dute Egunkaria auziko auzipetuei babesa emateko. Euskal gizarteko esparru zabala ordezkatzen duten lagunak bildu dira ekitaldira, hain zuzen ere, auzipetuek gizartearen gehiengoaren babesa dutela irudikatzeko.

Auzipetuek hartu dute lehendabizi hitza, Joan Mari Torrealdaik guztien izenean. Arantzazuk Euskal Herriaren, euskal kulturaren, euskalgintzaren eta euskal senaren historian izan duen garrantzia erakusten duten hainbat gertakari errepasatuz hasi du adierazpena, hain zuzen ere, agertzeko horrexegatik aukeratu dutela Arantzazu epaiaren aurretik azkenetakoa izen daitekeen ekitaldian: euskal kulturaren eta nortasunaren bihotza delako.

Ondoren, auzipetu guztien izenean eskerrak eman dizkie Babes Taldeko kideei zein gaurko ekitaldira bildu diren beste guztiei. Baita ere Egunkaria itxi zutenetik elkartasuna adierazi duten guzti-guztiei. Nolanahi ere, Torrealdaik gogorarazi du zazpi urteko ibilbide horretan askotan jaso dutela babesa: aurrena itxiera eta atxiloketak salatzeko eta gero auzia artxiba zedin eskatzeko. Eta babesa handia eta zabala izan arren, eskaera horiei guztiei muzin egin diela Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta egun, epaiketa egiten ari dela. Orain babesa absoluzioa lortzeko galdegiten dutela azpimarratu du: “Denok dakigu datorren astekoa erabakigarria izan daitekeela kasua alde batera edo bestera bideratzeko. Gurekin behar zaituztegu, absoluzioa lortzeko, eta honekin batera, Egunkaria libre! aldarrikatzeko”.

Era berean, gaur bertan Donostiako Kursaalean beren kontrako auziaren bultzatzaile nagusietakoa den Dignidad y Justicia elkarteak Gregorio Ordoņez fundazioaren saria jasoko duela oroitarazi du. Hain justu, Torrealdairen ondoren Babes Taldearen izenean mintzatu den Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak ere ekitaldi horixe izan du gogoan: “Badira, bai, hasiera bezalako bukaera gurako luketenak auziarentzat. Gaur bertan, Donostiako Kursaalean, Egunkaria-ren aurka Auzitegi Nazionalean ari den taldeetako bat, antzerako beste hainbat ekimen judizialen bultzatzailea, omenduko dute. Ez gara, ordea, probokazioan eroriko”, esan du.

Mendigurenek agertu du nola behin baino gehiagotan piztu diren Egunkaria auzia-ren inguruan hainbat itxaropen epaiketaren aurretik artxiba zitekeenaren zantzuak agertu izan direlako. Itxaropen horiek guztiak orain arte hutsean geratu direla gogorarazi du, eta ildo horretatik ohartarazi du epai zigortzailearen aukera ez dela baztertu behar eta halakorik gertatzekotan “kontzientzia kritiko eta jarrera aktibo” sendoz erantzuteko eskatu dio gizarteari. Epai bidezko bakarra absoluzioa dela nabarmendu du.

Gizarteko ordezkaritza zabala

Arestian aipatu bezala, ehun bat lagunek inguratuta irakurri dituzte adierazpen horiek biak Torrealdaik eta Mendigurenek. Batetik, han izan dira Egunkaria auziko Babes Taldeko kideak, hots, aspalditxotik auziaren kontra hainbat ekimen bultzatu dituen politika, gizarte eta kultur arloko jende taldearena. Honakoak dira babes taldeko kideak: Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Xabier Arzalluz EAJko presidente izana, Baltasar Errazti enpresaburu eta Confebaskeko buruzagi eta EAEko Energia Klusterreko lehendakari ohia, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Adolfo Muņoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABekoa, Jesus Uzkudun CCOOko buruzagitzakoa, Koldo Gorostiaga Batsuneko europarlamentari izana, Bernardo Atxaga eta Laura Mintegi idazleak, Fermin Muguruza musikaria, Garbiņe Biurrun epailea, Juanmi Arregi Josulagunen Loiolako probintziaburu izandakoa, Pello Zabala frantziskotarra eta Xabier Mendiguren Kontseiluko buruzagia.

Halaber han izan dira Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria eta Joseba Egibar Gipuzkoakoa, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril eta Oxel Erostarbe legebiltzarkidea, EAko Koldo Amezketa Lurralde Batzordeko buruzagia eta Ikerne Badiola komunikazio burua, Mikel Arana EBko koordinatzailea, Iņaki Galdos eta Martin Beramendi Hamaika Bat-eko buruzagiak, Ander Rodriguez Alternatibakoa eta Mertxe Colina ABkoa.

Beste hainbat erakunde, sindikatu eta elkartetako kideak ere izan dira, hala nola, Iņaki Goirizelaia EHUko errektorea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Lokarriko buruzagi Paul Rios, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Javier Retegi, EILASeko ordezkariak, Bertsozale Elkartekoak, Udalbitzakoak, AEK-koak, UEUkoak…

Eta horiekin guztiekin batera, gizarte, kultura eta kirol arloetan sona handikoak diren hainbat eta hainbat lagun, besteka beste, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorika musikariak, Maialen Lujanbio bertsolari txapelduna eta Andoni Egaņa txapeldun ohia, Jesus Mari Zamora Realeko futbolari izana, Alberto Iņurrategi mendizalea, Miguel Madariaga Euskaltelekoa, Txaro Arteagak Emakundeko zuzendari ohia, eta horrela ehun lagun inguruko zerrenda luzea osatu arte.



Artikulu hau hemendik dator BAIETZ Fundazioa
http://www.baietz.org/

Istorio honen URL-a hau da:
http://www.baietz.org/modules.php?op=modload&name=News&file=article&sid=3839