|
|
|
Hemeroteka: Bost auzipetuak errugabetzeko eskatu dute fiskalak eta defentsak
Data: 2010 Urt, 28 - 02:54 AM
Inprimatu Bidali hau lagun bati
 Aldeek datorren astean aurkeztuko dituzte ondorioen txostenak, eta, ondoren, 'Egunkaria auzia' epaiaren zain geldituko daGuardia Zibilaren txostenen hutsuneak agerian utzi ditu froga perizialak
Absoluzioa eskatu dute fiskalak eta defentsak Egunkaria auziko bost auzipetuentzat, frogen atala amaituta. Alde guztiek berretsi dituzte behin-behineko ondorioak, baina fiskalaren kasuan lehen aldia da zehazki errugabetzeko eskaera egiten duena. Juridikoki garrantzitsua da, horrela egingo zuela espero izatekoa bazen ere. Akusazioek, ordea, zigor eskaera berak egin dituzte, epaigelan gertatutakoari kasurik egin gabe. 14 urteko espetxe zigorra Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendirentzat eta 12koa Xabier Oleagarentzat. Datorren astean alde guztiek ondorioak luze azalduko dituzte, eta, auzipetuei azken hitza egiteko aukera eman ondoren, auzia epaiaren zain geldituko da. Epaiketan zehar, akusazioen helduleku bakarra Guardia Zibilak egindako txostenak zirela agerian gelditu da, eta atzo, froga perizialaren bidez, txosten horien balioa auzitan jartzeko unean, argi gelditu zen egiaztatu gabeko hipotesiak eta okerreko interpretazioak baino ez zirela.
Guztira sei guardia zibilek deklaratu zuten atzo peritu gisa: komandante batek, lau kapitainek eta kabo batek. Hiru auziko txostenak egin dituztenak eta hasieratik sumarioaren atzetik daudenak dira. Beste hirurak duela gutxi akusazioek eskatuta sumariora erantsitako txosten baten egileak dira. Txostena berria izan arren, edukia zaharra da, Jose Maria Elosuak egindako galdeketak erakutsi duenez. «Moztu eta itsasi egin dituzue literalki parrafoak eta orriak beste txostenetatik?», galdetu zien. «Bai, zati batzuk beste txostenetatik atera ditugu», aitortu zuten. Elosua saiatu zen erakusten txostenaren gehien gehiena hitzez hitz kopiatutakoa zela, baina epaimahaiburuak ez zion utzi, tribunalak neurtzen jakingo zuela esanez.
Txosten orijinalen gaineko eztabaidak hauen ahulezia eta oinarririk eza erakusteko balio izan zuen. Fiskala izan zen lehena zalantzak agertzen. Batez ere, akusatuen inguruko inplikazioa deduzitzeko moduaz galdetu zien, harriturik. Egunkaria-ren sorreran eta proiektuan erakutsitako inplikazioa ETArekiko loturaren frogatzat aurkezten zutelako. Une horretan, Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak hitza hartu zuen galdetzeko ea diskurtso horri eusten zioten. «Bai, beste elementu bat bezala»,erantzun zuten. Halaber, fiskalak zalantzak agerian utzi zituen perituen tesien inguruan: Xabier Alegriaren parte-hartzeari buruz, klabeen esanahiari buruz, udaletxe proiektuaz edo ildo editorialaren ikerketarik ezari buruz. Une batez, guardia zibilek onartu zuten ez zutela Egunkaria-ren ildo editoriala aztertu, albisteen itzulpenak zekarren zailtasunagatik. Baina Egunkaria-k ETArekin zeukan lotura nabarmentzeko telebista bat eta irrati bat egiteko asmoa zeukala argudiatu zuten, «gizartea euskalduntzeko helburuarekin».
Kontraesanak
Dena den, defentsen abokatuen galdeketak eragin zituen perituen kontraesan eta hutsune gehienak. Batetik, onartu behar izan zuten ETAri atzemandako agiriei haiek emandako datazioa ez zela fidagarria, une ezberdinetan egindako dokumentu batzuk (proposamenak zein erantzunak) egun eta ordu berean sortuak baitziren. Aurretik esandakoaren kontra, onartu behar izan zuten Egunkaria-ren kasuan agiri horietan ez zela klabe bidez aipatzen. Halaber, aitortu zuten ez zekitela Pablo Muñoz Diario de Noticias-eko zuzendariaren bulegoaren miaketan Zutabe bat aurkitu zela. Ez zekiten Alternatiba Demokratikoaren enkartea Egin egunkariak ere kaleratu zuela. Xabier Oleagaren kasuan, Egunkaria-n Martxelo Otamendirekin batera sartu zela azaldu zuten perituek, baina onartu behar izan zuten ez zeukatela horretarako Segurtasun Sozialaren bizitza laboralaren dokumentuari kontra egiteko daturik.
Horren aurrean, perituetako batek hitza hartu zuen esateko Xabier Oleagak artikuluak idazten hasi zela, baina Iñigo Iruinen galderen bidez, argi gelditu zen, kolaborazio hori ETAri atzemandako agiri batean Xabier Oleagari buruzko aipamena gertatu baino lehenago hasi zela.
Azken saioak
ONDORIOEN TXOSTENAK
Astelehenetik aurrera. Azken ondorioak aurkezten hasiko dira astelehenean: Dignidad y Justicia eta AVT akusazioak aurrena, fiskala gero eta defentsak ondoren. Auzipetuek azken hitza hartu, eta epaiaren zain geratuko da auzia.
Pello Urzelai - berria 2010.01.28 |
|
| |
|
|
 |
Erlaziodun loturak
|
|
|
|
| Bost auzipetuak errugabetzeko eskatu dute fiskalak eta defentsak | Sartu edo kontu berria sortu | 3 Erantzun |
|
| | Erantzunak igorlearenak dira. Ez gara bere edukien erantzule. |
«Hori egiaztatu gabeko hipotesia da»
(Balorazioa: 0)
Egilea: Anonymous Data: 2010 Urt, 28 - 02:55 AM
|
'Egunkaria'-ren aurretik 'Hemen' eta 'Eguna' argitaratu zirenik ez zekitela aitortu zuten guardia zibil perituekPeritu gisa deklaratu zuten perituetako batek esana da. M.G. inizialen esanahiari buruz ari zen. Guardia zibilek egindakoa txosten baten arabera, M.G. inizialak Martin Garitanori dagozkio eta Egunkaria-ko zuzendari izateko hautagaietako bat izan zen. «Horren egiaztapenik baduzu?», galdetu zuen perituen bozeramaile gisa aritzen zenari. «Hori egiaztatu gabeko hipotesia da», erantzun zuen. «Baduzu datu objektiborik?», estutu zuen abokatuak. «Ez».
Geroago, berriro ere antzeko egoera errepikatu zen. ETAri atzemandako agiri batean diru beharrak aipatzen dira, eta horiek konpontzeko Mexikon dirua biltzeko aukera. Ea inoiz Mexikotik edo Hego Amerikatik kapital bilketarik egiaztatu ote den galdetu zienean erantzuna ezezkoa izan zen. Ezjakintasuna erlatibizatu nahian honako azalpen hau eman zuen guardia zibilak: «Ez dakigu zein den kapitalaren jabegoa». Berriro ere, frogatu gabeko hipotesien diskurtsoa agerian.
Antza eta Apika
Akusazioen galderei erantzunez behin eta berriro Argia, Antza eta Apika ETAren inguruko enpresatzat jo zituzten perituek. Baina Elosua abokatuari erantzun behar izan zioten enpresa horiek gaur egun jarduera merkantil normala daukatela.
Agiriren batean, Egin egunkariari lotutako euskarazko proiektu bat aipatzen da, perituek Egunkaria-rekin lotzen dutena. «Bazenekiten Orain SAk euskarako egunkari baten proiektua izan zuela?», galdetu zuen Elosuak. «Posible da. Ez dakit».
«Bazenekiten Orainek kaleratu zuen euskarazko astekari bat?», jarraitu zuen abokatuak. «Izan liteke. Punto y Hora agian». Segidan aitortu zuen ez zekiela Hemen eta Eguna existitu zirenik.
|
Azurmendi: «Ez dauden ekintzei buruz egiten ari dira hipotesiak»
(Balorazioa: 0)
Egilea: Anonymous Data: 2010 Urt, 28 - 02:56 AM
|
Hutsaren gainean egindako hipotesiekin egin dira akusazioak Joxe Azurmendi idazle eta teologoarentzatBederatzi lekuko aritu ziren atzoko saioan, auzipetuen eta Egunkaria-ren zuzentasuna defendatzen, egunerokoaren sorrerari eta akusatuen izaerari buruzko azalpenak emateko orduan. Auziaren zentzugabekeria agerian utzi zuten euren azalpenekin, eta halakorik nola sor daitekeen ulertezina egiten zaiela erakutsi zuten. Joxe Azurmendi idazle, filosofo eta teologoak utzi zuen agerien harridura. Gertutik ezagutzen duen Joan Mari Torrealdairi buruz eta Egunkaria-ren sorrerari buruz aritu ondoren plazaratu zuen hausnarketa: «Halako susmoetan gehien harritzen nauena da hipotesi batzuk egiten ari direla gero sekula agertzen ez diren ekintza batzuk azaltzeko».
Torrealdaik Jakin-en egindako lana goratu zuen Azurmendik. Eta, Jakin-etik kanpo ere, beti izan dela euskal kulturaren sustatzaile sutsua. Bide horretan aritu zela Egunkaria Sortzenen ere, euskal kulturaren munduko beste hainbat pertsona jantzi bezala.
ETAk Egunkaria aipatzen zuen txosten bati buruzko idazkiak Torrealdairi nolatan atzeman zizkion galderari ere argi erantzun zion: «Dena gordetzen duelako, batez ere gaiari buruzko ikerketa egiteko asmoa badu». Hain zuzen, Egunkaria-ren historiari buruzko bilduma egiteko asmoa zuen Torrealdaik.
Baina ETArekin edo KASekin inolako harremanik zuela zorrotz ukatu zuen lekukoak. Hori «bere bizitza osoko ibilbidearen eta filosofiaren kontrakoa litzateke».
Hipotesiak
Akusazioek egiten duten lotura horri buruz galdetzean egin zuen halako auziei buruzko hausnarketa lekuko eta peritu gisa aritu zenak: «Nik jakin nahiko nuke zein ekintzek ahalbidetzen duten Joan Mari Torrealdai KASekin edo ETArekin lotzea. Nire inpresioa da hipotesi batzuk egiten direla existitzen ez diren balizko ekintza batzuk azaltzeko, eta azalpenerako hipotesi horiek ekintza gisa hartzen direla gero».
Lekuko eta peritu gisa aritu zen Joseba Intxausti historiagile, ohorezko euskaltzain eta Jakin-eko kideak euskarazko egunkariaren beharraren zergatia azaldu zuen: «Hizkuntza gutxituak hil ez daitezen garatu egin behar dira bai idatziz, bai administrazioan, hezkuntzan eta komunikazioan; komunikabide bat izatea ukatzeak heriotzara eraman dezake». Haren hitzetan, Euskaltzaindia horregatik egon da historikoki euskarazko egunkari bat izatearekin tematuta, eta horregatik parte hartu zuten akademiako 30 bat lagunek proiektuaren sorreran.
Egun El Diario Vasco egunkarian aritzen den eta Deustuko Unibertsitatean Informazio Zientzietako irakasle den Nerea Azurmendik Egunkaria-ren sorreraren gardentasuna defendatu zuen. Hura ere Egunkaria Sortzeneko kide izan zen. Baita egunerokoaren Administrazio Kontseiluko kide eta zuzendariorde ere. Areago, Egunkaria-ren lehen zuzendari izateko eskatu ziotela kontatu zuen, baina ez zuela onartu. Hala ere, zuzendariaren aukeraketa Administrazio Kontseiluak egin zuela eta erabat gardena izan zela ziurtatu zuen.
«Ez nuke parte hartuko»
Egunkaria-k ez zuela sekula ETArekin edo KASekin loturarik izan esan zuen. «Hori hala izan zitekeen susmorik txikiena izango banu, ez nuke proiektu horretan parte hartuko».
Sebastian Barinagarrementeria Orain editorakoak, Simeon Barroso Apika informatika enpresakoak eta Ander Larrañaga Antza inprimategikoak azaldu zuten Egunkaria-k enpresa horiekin bazuela harremana baina lan harreman hutsa zela.
Iñaki Zubeldia Olabide Ikastolako zuzendari eta Partaideko kideak eta Imanol Igeregi Euskal Herriko Ikastoletakoak azaldu zuten Xabier Oleagak ikastolen munduan izandako partaidetza. Harremanetarako eta elkar ulertzerako gaitasuna zuelako proposatu zuten komunikazio arduradun izateko.
Otamendi HBren zerrendan testimonialki aurkeztu zela dio Jonan Fernandezek
Jonan Fernandez Baketik taldeko zuzendaria eta Martxelo Otamendi 1987ko udal hauteskundeetan HBren zerrendan aurkeztu ziren Tolosan. Fernandezek azaldu duenez, ordea, independiente gisa aurkeztu ziren bai
Mezu hau osorik irakurri...
|
Itzulpenetan frogen esanahia nahita aldatu den susmoa dute perituek
(Balorazioa: 0)
Egilea: Anonymous Data: 2010 Urt, 28 - 02:58 AM
|
Euskarazko txostenen itzulpenak okerrak direla eta ez dutela jatorrizkoen zentzua gordetzen azaldu duteGaztelaniaz egiten ari da Egunkaria-ren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Baina euskaraz jarduteak auzitegian sortu ohi dituen arazoak ez dira saihestu. Itzultzailerik gabe ari dira ematen ahozko azalpenak, eta, hortik zalantzarik sortzen ari ez den arren, idatziz aurkeztu diren froga eta dokumentuek eragin dituzte arazoak. Okerrak dira itzulpen asko. Asko dira hutsegiteak, eta oso agerikoak. Gainera, hainbatetan oker horiek nahita egin diren susmoa dutela adierazi dute peritu gisa aritu diren itzultzaileek.
Auzitegian frogatzat aurkeztu diren txosten, dokumentu eta idatzi asko euskarazkoak dira, baina gaztelaniaz aurkezten zaizkie epaileei. Itzultzaile talde batek itzulpen horien egokitasuna aztertu du, defentsaren eskariz, eta txostena egin du ondorioekin. Begoña Montoriok ondorio kezkagarriak azaldu ditu. 30 urte badira itzultzaile lanetan dabilela, eta EHUn itzulpengintza irakaslea da bera.
Itzulita aurkeztu diren agiri batzuk Guardia Zibilak itzuli ditu, eta ez dute berrikusketarik. Beste batzuk, berrikusita daude, baina, horietan ere, okerrak nonahi atzeman dituzte adituek. Berrikusketak egin ote diren zalantzak azaldu dituzte. Eta, egin badira, axolagabekeriaz egin direla diote.
Itzulpenak hitzez hitzekoa izan behar duen arren, kasu batzuetan orri osoak itzuli gabe utzi dituzte. Beste batzuetan, orrien ordena aldatuta egin da itzulpena, eta, ondorioz, zentzurik gabeko idatzi bihurtu da itzulitakoa. Beste batzuetan, jatorrizko testuetan ez dauden hitzak eta esaldiak gehitu zaizkio itzulitakoari, horren azalpenik eman gabe.
'Gidoilari': 'conductor'
Ene uste apalean honela itzulita dago: en nuestra opinión, en la estanteria. Eta gutxi batzuek idatzita dagoela dioen testua honela itzuli dute: es redacción que ha nacido de todas las personas. Horretaz gain, conductor omen da gidoilari. Eta repaso, errespetu.
Oker batzuk «bestelako intentzioz» egin direla pentsatzera daramatela argudiatzeko adibideak harridura areagotu du. Aipatutako paperetan badirudi 'Egunkaria'-ren zuzendariari buruzko informazioa ematen zela dioen idazkia honela itzulita ageri da frogetan: En esos papeles se puede entender que el director de 'Egunkaria' era y no era el que ofrecia información a ETA.
|
|