Itzulpen okerra egin, eta bi egunerokoen aurka egiteko erabili dute txosten bera bi auzietako akusazioek
«Abokatu jauna, genuen paragraforik onenetarikoa bertan behera bota diguzu». Hala esan zion peritu gisa ari den guardia zibil batek Carlos Trenor abokatuari, frogatzat zuten dokumentu baten baliogabetasuna agerian uztean. Izan ere, Euskaldunon Egunkaria-ri buruzko hausnarketa bat Egin ETArekin lotzeko argudio gisa erabili dute akusazioek. Akatsak, itzulpen okerra zuen oinarrian. 18/98 auziko frogen ahulezia agerian geratu zen atzo ere.
Guardia zibilen arabera, ETAri atzemandako dokumentu batek egunkari bati buruz egiten zuen hausnarketa zuten frogatzat akusazioek. «Euskarazkoari dagokionez» zioen esaldia «euskarari dagokionez» itzuli zuten guardia zibilek. Eta hausnarketa Egin-i buruzkoa zela esanda, haren antolaketan ETAk zerikusirik bazuela ondorioztatu zuten. «Euskarazko egunkariari» buruzko hausnarketa zela onartu zuten atzo eta, beraz, Egin-ekin zerikusirik ez zuela.
Eta, akatsa akatsa izan den zalantzan geratu zen. Izan ere, txosten hori Egin-en aurkako frogatzat oker batengatik erabili dutela ulertzera eman zuten arren, Egunkaria-ren auzian ere jasota dago dokumentu bera, Egunkaria-ren aurkako froga gisa. Kontraesan gehiago ere azalarazi zituzten. Halere, Egin ETArekin lotzeko tesiari eutsi zioten guardia zibilek.
Bien bitartean, epaituak, ohi baino animatuago zeuden. Bezperan Bat egin egunean jaso zuten babesari buruz hitz egiteko gogoz. Izan ere, milaka lagun bildu ziren Altsasuko San Pedro zelaietan auzipetuei babesa agertzera. Baina epaituek zuten hitz jarioa ezin zuen Murillok ulertu: «Zer gertatzen zaizue gaur, mingaina gosaldu duzue?».
BERRIA 2006.10.10